Bizileku iraunkorra atzerrian duten pertsonak (CERA)

Atzerrian iraunkorki bizi direnek hauteskunde orokorretan, Europako Parlamenturako hauteskundeetan eta hauteskunde autonomikoetan botoa eman dezakete baldin eta Erregistro Kontsularrean eta indarrean den hauteskunde-erroldan inskribatuta badaude. Zerrendetan inskribatuta agertzen ez bazara edo datuak oker badaude, Bulego Kontsularrera joan zaitezke pertsonalki erreklamazio bat egiteko deialdiaren ondorengo seigarren egunetik aurrera eta hurrengo zortzi egunetan. 

Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzek ondorengo dokumentazioa bidaliko dizute ofizioz atzerrian bizi diren hautesle-erroldan izena eman duzun helbidera: 

  • Bozkatzeko gutun-azalak. 
  • Atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan inskribatuta egotearen bi ziurtagiri berdin. 
  • Probintziako Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azala. 
  • Kontsulatuari edo Enbaxadari zuzendutako gutun-azala. 
  • Informazio-orri bat boto-eskubidea nola erabili eta hautagaitzak agertuko diren web orrialdearen helbidea azaltzen dituena; bertan, eskuratu ahal izango dituzu deskarga daitezkeen boto-paperak. 
  • Kontsuletxeko barrutian botoa hautestontzian uzteko prestatutako zentroen zerrenda. 
  • Botoaren sekretua bermatze aldera, boto-paperen sorta osoaren deskarga telematikoa egin ahal izango duzu soilik. 

Hautatutako boto-papera sartu beharko duzu bozketaren gutun-azalean (edo ez da boto-paperik sartuko, zuri bozkatu nahi baduzu). 
Jarraian, Probintziako Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azalean, honako hauek sartuko dituzu: 

  • Bozketaren gutun-azala boto-paperarekin. 
  • Erroldako inskripzioaren ziurtagirietako bat (posta bidez bozkatu behar baduzu, ziurtagiriaren atzealdean zure sinadura eta pasaportearen edo NANaren zenbakia agertuko dira). 
  • Espainiako agintariek emandako zure pasaportearen edo NANaren fotokopia edo nazionalitate-ziurtagiria edo Matrikula Kontsularraren  Erregistroko inskripzio-ziurtagiria, Espainiako Kontsulatuak emana bizileku-herrialdean. 
     

Botoa zuzenean eman dezakezu zure Enbaxadan edo Kontsulatuan horretarako jarritako hautestontzietan edo horretarako prestatutako zentroetan, hauteskunde-egunaren aurreko zortzigarren eta hirugarren egunen artean, biak barne (maiatzaren 20tik 25era bitartean, biak barne).

Kontsulatuko funtzionarioari entregatu beharko diozu, zure nortasuna aurrez egiaztatuta, erroldako bigarren inskripzio-ziurtagiria, eta Probintziako Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azala utzi beharko duzu, kontsulatuko funtzionarioak gutun-azal horren atzealdean sinatu eta bertan gordailuaren eguna jasotzen duen zigilua, Bulego Kontsularrarena, jarri ondoren. 

Halaber, botoa postaz bidal dezakezu, ahal dela ziurtatuta, gehienez ere hauteskunde-egunaren aurreko bosgarren eguna baino lehen (maiatzaren 23ra arte). Kontsulatuari edo Enbaxadari zuzendutako gutun-azalean honako dokumentu hauek sartu behar dituzu: 

  • Probintziako Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azala honako eduki honekin: 
  1.  Bozketaren gutun-azala boto-paperarekin. 
  2.  Erroldako inskripzio-ziurtagiria; atzealdean, zure sinadura eta pasaportearen edo NANaren zenbakia jasoko dira. 
  3.  Espainiako agintariek emandako zure pasaportearen edo NANaren fotokopia edo nazionalitate-ziurtagiria edo Matrikula Kontsularraren Erregistroko inskripzio-ziurtagiria, Espainiako Kontsulatuak emana bizileku-herrialdean. 
  • Erroldako beste inskripzio-ziurtagiria. 
  • Horrela nahi baduzu, inprimakia beteta bidalketa-gastuak itzultzearren, posta-kutxarik ireki ez den herrialdeetan. 

Atzerrian aldi baterako bizi diren pertsonak (ERTA)

Aldi baterako atzerrian bizi bazara, hauteskunde orokorretan, Europako Parlamenturako hauteskundeetan, zure udalerriko tokiko hauteskundeetan eta hauteskunde autonomikoetan eman dezakezu botoa. 

Horretarako, aurretik eskatu beharko duzu. Eskaera-inprimakia kontsulatuetan eta enbaxadetan eskura dezakezu eta modu elektronikoan esteka honetan eta Barne Ministerioaren web gunean. Eskaera bete eta pertsonalki entregatu behar duzu Kontsulatuan edota Enbaxadan. (Epea apirilaren 29ra arte)

Eskaera egin ahal izateko, Matrikula Kontsularraren Erregistroan izena emanda egon beharko duzu ez-egoiliar gisa. Baina ez bazaude, bi izapideak (eskaera eta inskripzioa) egin ahal izango dituzu ekintza berean. 

Behin hautagai-zerrendak izendatuta, Hautesle Erroldaren Bulegoak ondorengo dokumentazioa bidaliko dizu botoa emateko. 

  • Informazio-orria. 
  • Boto-paperak eta bozketarako gutun-azalak. 
  • Hautesle-erroldako inskripzio-ziurtagiria. 
  • Dagokizun Hauteskunde Mahaiari zuzendutako gutun-azala. 
  • Botoa posta bidez bidaltzeko gastuak itzultzeko inprimakia. 

Zure boto-aukerari dagokion boto-papera sartu beharko duzu bozketaren gutun-azalean. 
Jarraian, Hauteskunde Mahaiari zuzendutako gutun-azalean ondorengo dokumentuak sartuko dituzu: 

  • Gutun-azala edo gutun-azalak boto-paperarekin. 
  • Erroldako inskripzio-ziurtagiria. 
  • Horrela nahi baduzu, inprimakia beteta bidalketa gastuak itzultzearren. 

Posta ziurtatu bidez bidaliko duzu gutun-azala, hauteskundeak egin aurreko hirugarren eguna baino lehen. (maiatzaren 25a baino lehen)
Boto horiek baliozkoak izateko, ezinbestekoa izango da gutun-azalean zigilu-marka bat argi eta garbi agertzea, botoa aurreikusitako epearen barruan bidali dela ziurtatzeko.