Antolaketa eta funtzionamendua

Hauteskunde-administrazioa hauteskunde-batzordeek, hauteskunde-mahaiek eta Hautesle Erroldaren Bulegoak osatzen dute. 
Hauek dira Hauteskunde-batzordeak: 

  • Hauteskunde Batzorde Zentrala, Madrilen egoitza duen organo iraunkorra. 
  • Autonomia Erkidegoetako hauteskunde-batzordeak. 
  • Probintziako hauteskunde-batzordeak, probintziako hiriburuetan egoitza dutenak. 
  • Eskualdeko hauteskunde-batzordeak, barruti judizialetako hiri nagusietan egoitza dutenak. 

Probintzia bakarreko Autonomia Erkidegoetan, Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeei eta probintzietako hauteskunde-batzordeei esleitutako eskumenak organo bakar batek hartzen ditu bere gain, eta, Nafarroan, Probintziako Hauteskunde Batzordeak bere gain hartzen ditu Komunitate Autonomoko Hauteskunde Batzordeari esleitutako eskumenak. 
Foru Komunitatean, eskualdeko hauteskunde-batzordeak bost dira; hots, egoitzak Agoitzen, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran dituztenak.

Esteka honetan, hauteskunde-administrazioari, haren organoei eta eskumenei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu. 

Eratutako Hauteskunde-mahai bera erabiliko da hauteskunde guztietarako: Europako Parlamentua, Nafarroako Parlamentua, udalerriak eta, behar izanez gero, kontzejuak. 
Hauteskunde-mahaia lehendakari batek eta bi kidek osatzen dute, eta horiek udal bakoitzak egindako zozketa publiko bidez hautatzen dira, dagokien mahaiko hautesle-zerrendan sartutako pertsona guztien artean, baldin eta irakurtzen eta idazten baldin badakite eta 70 urtetik beherakoak badira. Hala ere, 65 urtetik gora izanez gero, uko egiten diotela adierazi ahal izango dute dagokion udalean, zazpi eguneko epean. 

Hauteskunde Erroldaren Bulegoa Estatistikako Institutu Nazionalaren barruan aurkitzen da, hauteskunde-errolda egiteaz arduratzen da, eta eskumenak Hauteskunde Batzorde Zentralaren zuzendaritzapean eta ikuskaritzapean betetzen ditu. Hauteskunde Erroldaren Bulegoak Probintzia-ordezkaritzak ditu, eta udalek zein kontsulatuek laguntzaile gisa jarduten dute errolda-zereginetan. Informazio gehiago
 

Gutun-azalak eta boto-paperak kolore hauekin identifikatzen dira: 
 

  • Sepia kolorea: Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. 
  • Kolore zuria: udal-hauteskundeak. 
  • Kolore berdea: kontzejuetarako hauteskundeak. 

Hauteskunde-mahai bakoitzean hautetsontzi bat dago hauteskunde-egun berean egingo diren hauteskunde-mota bakoitzerako, eta boto-paperen kolore bera izango du. 
Kontzeju bateko edo gehiagoko udalerrietako hauteskunde-mahaietan, Nafarroako Parlamenturako eta udalerako dagozkien hautetsontziez gain, kontzejuetarako hauteskundeetarako hautetsontziak egongo dira. Azken horiek dagokien kolorearekin (berdea) eta kontzejuaren izenarekin identifikatzen dira. 

Egiaztatu hauteskunde-erroldan behar bezala inskribatuta zaudela. Hauteskunde-errolda hauteskundeen aurretik udaletxeetan ikusgai jartzen da, eta, bertan, hautesle bakoitzaren datu eguneratuak eta botoa emateko egokitutako sekzioa eta mahaia azaltzen dira. Ziurtagiri digitala baldin baduzu, hemen bertan kontsulta dezakezu erroldan duzun inskripzioa. Gainera, hautesle bakoitzak errolda-txartel bat jasoko du Hauteskundeen Erroldako Bulegotik, inskripzioari buruzko datu eguneratuekin eta botoa ematea egokitzen zaion sekzioa eta mahaia adierazita.

Hauteskunde-egunean, boto-emailea honako dokumentu hauetakoren batekin identifikatuko da bere mahaian: nortasun-agiri nazionala, pasaportea (argazki eta guzti), gidatzeko baimena (argazki eta guzti), egoitza-txartela Europar Batasuneko herritarren kasuan, edo atzerritarren nortasun-txartela, udal-hauteskundeetan botoa emateko eskubidea aitortzeko elkarrekikotasun-ituna Espainiarekin sinatu duten herrialdeetako herritarren kasuan. Dokumentu horiek jatorrizkoak izan behar dute, eta espainiarrak izan daitezke edo jatorrizko herrialdeak emandakoak, betiere titularraren argazkia badute.
 
Bozketa hauteskunde-eguneko 9:00etan hasiko da eta 20:00etan amaituko da.
 
Barne Ministerioaren ondorengo estekan, Espainiatik botoa posta bidez emateko jarraibide zehatzak aurkituko dituzu, atzerrian modu iraunkorrean edo aldi baterako dauden espainiarrek botoa emateko jarraibideak, itsaso zabalean dauden langileek botoa emateari buruzkoak, nazioarteko misioetan dauden langileek botoa ematearen ingurukoak, etab. 
 

Mugitu ezin diren gaixo edo ezinduak

Gaixorik bazaude edo ezintasunen bat baduzu eta ezin baduzu Correoseko bulego batera joan posta bidez bozkatzeko, hirugarren bati eman diezaiokezu ahalordea zure izenean tramitea egiteko. 

Notario-ahalordea doan eskura daiteke. Horretarako, Nafarroako Notarioen Elkargora deitu behar duzu (948 228 938 telefonoa edo info@navarra.notariado.org). Bertan, baldintzak azalduko dizkizute (eritasuna edo ezintasuna egiaztatzen duen osasun ziurtagiri ofizial bat behar duzu; doakoa ere bai) eta notario bat izendatuko dute zure etxera joateko, bai edo ospitale, zaharren egoitz edo senitarteko baten etxera ere.

Ondoren, posta bidez bozkatzeko prozedura arruntari jarraituko zaio. Hau da, ordezkaria edo ahalduna pertsonalki, NANarekin eta notario-ahalordearekin, Correoseko edozein bulegotara joan daiteke, eta posta bidez bozkatzeko inprimakia eskatu. Apirilaren 3tik maiatzaren 18ra bitarte egin beharko du, egun horretan amaitzen baita epea Espainian posta bidezko botoa eskatzeko.

Doako garraioa mugitzeko ezgaitasuna izan eta mugitu ahal direnentzat

Hauteslekura joateko garraio publiko irisgarririk ez badago, Nafarroako Gobernuak doako garraioa jarriko du mugitzeko ezgaitasuna duten pertsonentzat, hala eskatzen badute.
Zerbitzua kudeatzen du Gobernuaren Ordezkaritzak Nafarroan. Eskatu ahal duzu bai Ordezkaritza horretara zuzendutako eskabide baten bidez, bai 948 979 000 telefono zenbakiaren bidez, maiatzaren 27ra arte.

Ikusteko ezgaitasun larria

Ikusmen-urritasun larria baduzu, deitu 680 255 849 telefonora maiatzaren 1a baino lehen, braille bidezko dokumentazio osoa bermatuko dizun bozketa-prozedura eskatzeko.

Prozedura hori borondatezkoa da; beraz, nahi izanez gero, zure konfiantzako pertsona baten laguntza izaten jarrai dezakezu.

•    Baimen ordainduak emango zaizkie bozen egunean inoren kontura lan egiten duten hautesleei, bozkatzea errazago izan dezaten. Baimena eskatu ahal duzu zure lan ordutegia bat badator hauteskunde-mahaien ordutegiarekin bi orduz edo gehiagoz.

•    Mahaiburu edo mahaikide izanez gero, edo kontu-hartzaile gisa jardunez gero, baimena lanaldi osokoa izango da bozen egunean eta bost ordukoa hurrengo egunean. Ahalduna bazara, lanaldia osoa izango duzu bozen egunean.

Eta eginkizun horietako bat egin behar baduzu eta hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan lan egin behar baduzu, enpresak txanda aldatu beharko dizu bozketa egunaren aurreko gauean atseden hartu ahal izateko.

Gehiago jakiteko

Hauteskunde-mahai bateko kide izatea egokitu bazaizu, hemen duzu bete beharko dituzun funtzioen eskuliburua.