Hauteskunde-egutegia

Hona hemen hautesleek kontuan izan beharreko egun garrantzitsuenak beren eskubideak gauzatzeko:

Hauteskundeetarako deialdien argitalpena
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen eta Nafarroako kontzejuetarako hauteskundeen deialdiak, Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira 2023ko apirilaren 4an. Udal-hauteskundeetarako deialdia, berriz, Estatuaren eskumenekoa, 2023ko apirilaren 4an argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean.


Hauteskunde-errolda (erreklamazioak eta erakusketa) 
Hauteskunde-erroldan jasotzen da hautesle izateko baldintzak betetzen dituztenen eta botoa emateko eskubidea behin betiko edo aldi baterako kenduta ez dutenen inskripzioa.
 
Hauteskunde-erroldan sartzeko, kanpoan geratzeko edo akatsak zuzentzeko erreklamazioak Probintziako Hauteskunde Batzordean edo Udal bakoitzean egin daitezke.
 
Apirilaren 10etik 17ra bitartean, hauteskunde-erroldako zerrendak erakutsiko dituzte udaletxetan, herritarrek erroldan inskribatuta dauden egiazta dezaten aurrez aurre udaletxe bakoitzean. Ziurtagiri digitala izanez gero, internet bidez ere egin daiteke  INEren orrialdean


Hautagai-zerrenden aurkezpena, aldarrikapena eta inpugnazioa  
Apirilaren 19tik 24ra bitartean, alderdiek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek hautagai-zerrendak aurkeztu behar dituzte eskumeneko Hauteskunde Batzordean.

 
Maiatzaren 1ean, Probintziako Hauteskunde Batzordeak eta eskualdeko hauteskunde-batzordeek Nafarroako Parlamentura nahiz udalerri eta kontzejuetara aurkeztutako hautagai-zerrendak aldarrikatuko dituzte, eta maiatzaren 2an, hautagai-zerrenda horiek argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
 

Maiatzaren 3an eta 4an, hautagai-zerrenda horiek inpugnatu ahal izango dira. Inpugnazioak eskumeneko organoek ebatzi beharko dituzte. 
 

Hauteskunde-kanpaina
Maiatzaren 12tik 26ra bitartean egingo da.
 

Espainiatik botoa postaz emateko eskaera
Espainiatik botoa postaz emateko eskaera egin ahal izango da apirilaren 4tik maiatzaren 19ra bitartean. Pertsonalki egingo da Correosen bulegoetan. Posta ziurtatuaren bidezko botoa maiatzaren 25era arte bidali ahal izango da. 

 

Atzerritik botoa postaz emateko eskaera eta bidalketa (CERA eta ERTA botoa)

Webgune honetan kontsulta dezakezu atzerritik nola bozkatu.

Atzerrian modu iraunkorrean bizi bazara, botoa pertsonalki utzi behar duzu zure enbaxadan, kontsulatuan edo gaitutako beste zentro batean maiatzaren 20tik 25era bitartean bertan aurkituko dituzun hautestontzietan. Posta bidez ere bidal dezakezu botoa, ahal izanez gero ziurtatuta, maiatzaren 23a baino lehen.

Atzerrian aldi baterako bizi bazara, apirilaren 29ra arteko epea duzu zure eskaera egin, bete eta pertsonalki zure kontsulatuan edo enbaxadan entregatzeko. Botoa emateko, posta ziurtatu bidez bidali beharko duzu gutun-azala boto-paperekin maiatzaren 25a baino lehen.
 

Botoa eta irisgarritasuna
Mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat, posta bidez botoa emateko inprimakiaren eskaera hura ordezkatzen duen beste pertsona baimendu batek egin ahal izango du haren izenean, Correosen edozein bulegotan, apirilaren 4tik maiatzaren 18ra bitartean. 
Ikusmen-urritasun larria duten pertsonek  doako telefonora (680 255 849) deitu behar dute apirilaren 4tik maiatzaren 1era bitartean, braille bidezko dokumentazio osoa bermatzen dion bozketa-prozedura irisgarria eskatzeko.  


Bozketa
Hauteskundeak maiatzaren 28an izango dira, igandean. Hauteslekuak irekita egongo dira 9:00etatik 20:00etara. 
 

Behin betiko zenbaketa
Hauteskunde-batzordeek botoak zenbatu eta hautatutako hautagaiak aldarrikatuko dituzte. 
Zenbaketa orokorra eta behin betikoa Probintziako Hauteskunde Batzordeak egingo du Nafarroako Parlamentuari dagokionean, eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek udalerri eta kontzejuei dagokienez, 2023ko ekainaren 2tik 5era bitartean. Azkenik, zenbaketa orokorren emaitzak jasotzen dituzten ediktuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.